XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez behintzat sartu. To hire ontzako urrea eta erne ibili.

Urrutira ikusi zituen, halako batez, Mattin Mottelak bi lapurrak etortzen.

Oinez heldu ziren zaku bana bizkarrean zutela.

- Haiek dituk, esan zion tolosarrari.

- Zuhaitz haundi horretara iristean aterako haiz bidera, eta mandoaren jabea haizela esanez joan behar duk aurretik. Ez ahaztu.

- Erraz egitekoa da, erantzun zion berak.

Bi morroiei lapur nagusiak emandako agindua zorrotza zen: ez hilik eta ez bizirik, gizon horri ez utzi etxe honetan sartzen.

Mattin Mottelak esandako zuhaitzera iristean bi lapurrak, tximista bezala atera zitzaien aurrera ferietako koplaria: - Mandoaren jabea naiz! Mandoaren jabea naiz! esan zien beren sudurretan lapurren etxe aldera lasterka abiatuz.

Bi lapurrak hori entzutean, zuhaitz azpian zakuak utzi eta badoaz bestearen atzetik nagusia zaintzera.

Horren zai zegoen, hain zuzen ere, erreka zuloan Mattin Mottela.

Zaldia eskutik hartu eta badoa zakuak abereari bizkarrean ipintzera. Ondo lotu eta gero etxera.

- Zertarako ote dut nik hainbeste urre? zioen bidean.

- Besteak beste, ez nau udako beroak eta neguko hotzak ardo garraioan berriz harrapatuko.

Herritarrentzat eskuzuri * izango zen bera handik aurrera, apeza, sendagilea eta botikarioa bezala.

Urte batzu lehenago nork esan behar zion hori Mattin Mottelaren aita zenari!.